BILBO [ 94 470 21 00 ]  - DONOSTIA [ 94 347 42 77 ] - FUNDAZIOA@IDIEZKERRA.ORG
Actividades

Idi Ezkerra Fundazioa

Hasiera Jarduerak Oroimenaren bideak Bosniako genozidioaren oroimena
Bosniako genozidioaren oroimena
1 2 34 5 6 8 9 10 11 13 14 15 18 19 21 22 23 24 25

Azaroaren 6an, Oroimenaren bideetan egin genuen aurrera, eta Donostiara iritsi ginen, Londres hotelera, hain zuzen ere. Bertan, zikloko bigarren hitzaldia egin genuen, eta topaketa zirraragarria eduki genuen Hajra Catic ta Hatidza Mehmedovicekin. Bi emakumeok ikaragarri sufritu dute, apalak bezain ausartak dira eta jendearen kontzientzia astindu dute, Balkanetako genozidioa inork ahaztu ez dezan.

Donostiar asko hurbildu ziren aretora, emakumeoi entzuteko asmoz. Ekitaldia Mauro Calvok, Idi Ezkerra Fundazioko zuzendariak, aurkeztu zuen, eta Irene Cormenzana, SOS Balkanak Elkarteko arduraduna, izan zuen laguntzaile. Cormenzanak, hain zuzen ere, Srebrenican gertatutakoa gogoratu zuen labur-labur. Bi erakundeek, SOS Balkanak Elkarteak eta Idi Ezkerrak, batera lan egin dute proiektu honetan, bi emakume horien lekukotasuna Euskadira ekartzeko asmoz.

¡Hajra Caticek eta Hatidza Mehmedovicek sarraskiko biktimen bi elkarte nagusiak zuzentzen dituzte. Hajra Srebrenicako Emakumeen Elkarteko presidentea da, eta Tuzlan du egoitza nagusia. Bertan, eraildakoen amak, emazteak eta alabak elkartzen dira, eta oraindik ere, lekualdatuta daude. Hatidza, ostera, Srebrenicako Amen Elkarteko presidentea da, eta martirizatutako hiritik bertatik lan egiten du. 2002an, bizitza milaka zatitan hautsi zion lekura itzultzen ausartu zen, nahiz eta askotan bere begirada “genozidekin gurutzatzen den. Oraindik, Mladic, Karadzic asko daude aske, eta batzuek erantzukizun-postuak ere badituzte”.

Hajrak eta Hatidzak familia osoa galdu zuten sarraskian. Hatidzak senarra, bi seme eta familiako gainerako gizon guztiak galdu zituen. Hajraren senarra eta semea hil zituzten. Biek urteak daramatzate borrokan, haien gorpuak eta milaka desagerturen gorpuak aurkitzeko, hilobi bateratuak irekitzeko eta borreroak Hagako auzitegira eramateko. Utzi diguten lekukotasuna izugarria da benetan.

“Srebrenicako milaka ama 1995eko uztailean hil ginen. Gure bizitza amaitu egin zen. Nik arnasa hartzen dut, baina ez naiz bizi. Semeak hazten ikusi beharrean, haien gorpuen bila nabil hilobi bateratuetan. Zoriontasun guztia amaitu egin da niretzat”, esan zuen Hatidzak hitzaldian.

Srebrenicako sarraskia Munduko Bigarren Gerraz geroztik Europan gertatutako ankerkeria handiena izan da. 1995ean, oso egun gutxitan, Ratko Mladicen agindupeko paramilitar serbiarrek 8.373 gizon hil zituzten, eta, euretatik, 500 baino gehiago ziren adingabeak. Uztailaren 11 hartan gertatutakoa itzela izan zen. Gudaroste paramilitar serbiarrek Nazio Batuek “eremu seguru” izendatutako hiriari eraso zioten. Holandako militarrak bertan bazeuden ere, ez zuten ezer egin, eta, are gehiago, emakumeak eta gizonak banatzen lagundu zieten. Emakumeak eta umeak autobusetan sartu eta gobernu bosniarraren kontrolpeko lurraldera eraman zituzten. 12 eta 60 urte arteko gizonak bertan utzi zituzten, eta, oso ordu gutxitan, inolako gupidarik eta etenik gabe sarraskitu zituzten. Ondoren, hilobi bateratuetan lurperatu zituzten gorpuak. Euren artean, Hajraren senarra. Beste askok mendirantz ihes egin zuten, harrapatuak ez izateko, eta lerro serbiarrak gurutzatzen ahalegindu ziren, lurralde adiskidera iristeko asmoz. Erdiek baino gehiagok ez zuten lortu. Hatidzaren senarra eta bi semeak eta Hajraren semea saialdi etsi horretan hil zituzten.

Hatidzak gogoratu zuenez, “seme txikiak, 16 urtekoak, ez zuen nigandik urrundu nahi. Aitarekin eta anaiarekin joateko esan nion. Negarrez joan zen, eta begiak estali zituen ni ez ikusteko. Ez nuen berriro ikusi”. Harrezkero, Hatidza bakarrik dago munduan, eta, 2002an, Srebrenicara itzuli eta bertan bizitzeko adorea izan zuen, nahiz eta serbiarren eskuetan egon. “Etxea eta oroitzapenak ditut bertan”, esan zigun. Semeen gauzak eta liburuak ditu gordeta. Geratzen zaion bakarra da. Honako hauxe aitortu zigun ahots dardaratiaz, erdi negarrez: “gauza horiengatik izango ez balitz, inoiz semerik izan ez nuela pentsatuko nuke, amestu egin nuela. Oraindik, gau askotan, ametsetan agertzen zaizkit eta hementxe daudela, inora joan ez direla esaten didate, baina esnatzen naizenean, ametsa desegin egiten da eta ez dira inon ageri”.

Hajraren senarraren gorpua 2005ean aurkitu zuten. Nino semearen arrastorik ere ez dago, ordea. Hatidzak, aldiz, seme baten gorpua berreskuratu zuen 2007an, baina ez daki zer semerena den. Hiru hilobi desberdinetan, senarraren zenbait hezur ere aurkitu dituzte. Hatidzak argitu zigunez, “honako hauxe egiten zuten: gorpuak banatu, hilobi berriak sortu eta gorpuak nahasten zituzten, identifikazioa zailagoa izan zedin. Oraindik ezin izan dut senarra lurperatu, gorpuaren %75 osatu arte, ez dagoela ehorzterik”. Orain arte, 8.373 desagertuetatik, 3.214 gorpu identifikatu eta lurperatu egin ahal izan ditugu. Gorpuak Potocariko Memorialean daude ehortzita, Srebrenica inguruan dagoen herrixka batean, sarraskia gertatu zen lekuan, hain zuzen ere. Tuzlan, askotan nahastuta dauden giza aztarnez betetako beste 3.500 poltsa daude noiz identifikatuko zain.

Justizia egingo ote den itxaropenari dagokionez, biak ez datoz bat Hagako auzitegiaren emaitzekin, “moteltasun etsigarriaz lan egiten duelako eta zigorrak barregarriak direlako”.

Bosniako genozidioak argi eta garbi adierazten du noraino iritsi daitekeen gizakien eromena. Ikaragarria da benetan, Europako erdialdean bertan, XXI. mendearen atarian eta nazioartearen begirada axolagabearen aurrean holako astakeria nola gertatu ahal izan zen ikustea. Hori dela-eta, Hajraren eta Hatidzaren lekukotasunak gure kontzientzia astindu behar du, eta aiduru jarri behar gaitu edonolako estremismoaren aurrean.

Zenbait egun geroago, Hajrak eta Hatidzak beste hitzaldi bat eskaini zuten Eskoriatzan. Bertan, gainera, euren bizitza Euskadin berregin zuten zenbait errefuxiatu bosniarrekin elkartu ahal izan ziren. Berriro ere, euren adierazpenek bertaratutako guztien bihotza hunkitu zuten.

Eskerrik asko Dzerminari, itzultzaile egindako lana zoragarria eta bikaina izan zelako. Era berean, eskerrik asko Sunita Idoiari, laguntza aparta eman zigulako Hajra eta Hatidza merezi duten bezala atenditzeko. Hvala ljepo!

 


Desarrollado por Logo de erreMedia