BILBO [ 94 470 21 00 ]  - DONOSTIA [ 94 347 42 77 ] - FUNDAZIOA@IDIEZKERRA.ORG
Actividades

Idi Ezkerra Fundazioa

Hasiera Jarduerak Oroimenaren bideak Mary Burton: hego Afrika zuriaren kontzientzia
Mary Burton: hego Afrika zuriaren kontzientzia
1 2 3 4 5 7

Ekainaren 13an, osteguna, Oroimenaren bideak zikloaren barruan, emakume apartaren lekukotasuna entzuteko aukera izan genuen Bilbon. Bere garaian, “Hego Afrika zuriaren kontzientzia” zela esan zuen Nelson Mandelak. Mary Burtonez ari gara. Hego Afrikako apartheidaren aurkako mugimenduko kide nabarienetakoa izan zen, bai eta herrialde horretako Egiaren eta Adiskidantzaren Batzordeko kidea ere.

Ekitaldia Bilboko Ercilla hotelean garatu zen, eta 70 inguru lagun bertaratu ziren. Horren bitartez, Idi Ezkerrak egiaren batzordeak bezain mekanismo baliagarria balioetsi nahi izan zuen, herrialde askotan arrakastaz erabili dutelako diktaduraren krimenak ikertzeko eta agerian jartzeko. Beste leku batzuetako ekarpenak biltzea da helburua, oraindik hemen eman ez den egiarako eta adiskidantzarako prozesua garatu ahal izateko. Hain zuzen ere, zenbait egun lehenago, Ezker Batuak ekimena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, estatuan egiaren batzordea abian jartzeko asmoz.

¡Gure gonbidatua, Mary Burton, Mandelak Hego Afrikako Egiarako eta Adiskidantzarako Batzordean parte hartzeko izendatutako 17 lagunetakoa izan zen. Desmond Tuturen zuzendaritzapeko batzordeak erregimen segregazionistak 1960tik 1994ra giza eskubideen arloan egindako urraketak ikertu zituen, eta krimen politikoetan parte hartu zutela jendaurrean aitortu zutenei amnistia eskaini zien lehena izan zen. Lehenago, apartheidaren aurkako borrokan, Black Sasheko (Gerriko Beltzeko) presidentea izan zen. Emakume zurien erakundea zen, eta, 50eko hamarkadatik aurrera, gehiengodun beltzaren eskubide-falta salatu zuten. Berak eta bere kideek eraso eta jazarpen ugari jasan zituzten, erregimenaren aurka egiteagatik.

Mary Burton Bilbon egon zen Idi Ezkerrarekin, Egiarako Batzordearen txostenaren aurkezpenaren 10. urteurrenean, esperientzia hartatik ikasitakoa azaltzeko eta Hego Afrikako zauriak sendatzean eta etorkizunari itxaropenaz begiratzean izandako zeresana nabarmentzeko.

Burtonek bere agerraldian nabaritu zuenez, “lehenengo eta behin biktimen sufrimendua onetsi beharra dago, egunen batean adiskidantzara iristeko. Onespena errudun zuzenetatik etorri behar da, baina estatutik eta jende askorengandik ere bai, nahiz eta krimenetan parte hartu ez, sistema segregazionistako onuradunak izan zirelako urte askotan zehar.” Zentzu horretan, berak baieztatu zuenez, “oraindik biztanle zuriek onetsi egin behar dute gaur egun ere pribilegiatuak direla apartheidak bermatzen zizkien baldintzengatik. Hori eginez gero, biztanleen arteko harremanek hobera egingo lukete erabat.”

Era berean, Burtonek adierazi zuenez, kanpotik bere herrialdeko Egiarako eta Adiskidantzarako Batzordearen emaitzen irakurketa positiboa egiten bada ere, “ez zen ezin hobea izan, ahal izan genuena egin genuen, baina askoz gehiago egin nahi izango genuen.” Alde horretatik, bere esanetan, “biktimak ez ziren batere ados egon amnistiarekin. Erabateko aitorpena zen egileek horretarako eskubidea edukitzeko ordaindu behar zuten prezioa. Horren ondorioz, nolabaiteko adiskidantza lortu badugu, merezi izan du, baina oso garrantzitsua da gogoratzea horretarako biktimen eskubide asko sakrifikatu zirela. Horra hor bakea lortzeko ordaindu behar izan genuen bidesaria. Batzordeari esker, sistema zaharraren eta berriaren arteko trantsizio politikoa baketsua izan zen, indarkeriarik gabea”.

¡Lorpenei dagokienez, Mary Burtonen esanetan, “egia eta adiskidantza lortzea zen batzordearen helburua, eta horren arabera neurtu behar dira emaitzak. Egia-dosi handia jarri zen agerian: komunikabideetan estaldura handi-handia izan zuten 20.000 lekukotasun bildu ziren. Biktimen historiei esker, iraganaren ikuspegi egiazkoagoa izan genuen, eta, horrez gain, amnistia bila zebiltzanek jendaurreko epaiketari aurre egin behar izan zioten eta, askotan, biktimei eurei ere bai”. Zentzu horretan, gure gonbidatuak nolabaiteko efektu katartikoaz hitz egin zuen, hauxe baieztatzean: “jende askorentzat nolabaiteko askapena izan zen gertatutakoa azaltzea. Beste batzuentzat, ordea, gorpuak hilobietatik ateratzean eta euren erritu zein tradizioen arabera ehorztean aurre egin ahal izan zieten galerari eta doluari”.

Laburbilduz, ekintzaile beteranoak adierazitakoaren arabera, “batzordeari esker, sufrimendu itzelak jasan edo eragin zituzten milaka lagunen historia ezagutu ahal izan zuen herrialdeak”. Dena dela, prozesu horren guztiorren ondorioak hor geratu behar ez direla esan zuen, hauxe adieraztean: “nola eta zergatik jazo zen dakigunean, ikuspegi berria daukagu, gure gizartea talde-nortasunen arteko marra estuetatik haratago doala ulertzeko. Edonola ere, jakitea, onestea eta barkatzea ez da nahikoa, pertsona guztiek lege-esparru berriak bermatzen zituen eskubide sozio-ekonomiko eta politikoak benetan ez badauzkate”. Horri dagokionez, bere esanetan, oraindik “Hego Afrikan badago zer egin ugari, HIESari, langabeziari eta aberats zein txiroen arteko desberdintasun handiei aurre egiteko, besteak beste”. Gaur egun, horrexegatik borrokatzen dira, hain zuzen ere. Zorte on borroka berri horretan, Mary.

 


Desarrollado por Logo de erreMedia